Apirilean Eskilarapeko Soinuak formatu txikiko musika kontzertuen zikloaren saio bikoitza izango dugu.
Hilabetea estreinatzen EtxE egongo da gurean eta 22M2 taldearekin itxiko dugu apirila.
2015ean abiatutako Eskilarapeko Soinuak formatu txikiko kontzertuen zikloak ibilbide luzeko zein hasi berri diren musikarien eskaintzaz gozatzeko aukera ematen digu Oihaneder Euskararen Etxeko Eskilarapeko atrioaren goxotasunean. Kontzertuak hilean behin izaten dira, hileko azken ostegunean zehazki, 19:30ean.
ETXE
1984ko maiatzaren 24an jaio zen Iñaki Etxezarraga "Etxe", Berrizen. Musika ikasketak egin zituen umetan eta herriko abesbatzan ere abestu zuen. 12 urterekin gitarra ikasten hasi zen ikastolan eta urte batzuk beranduago Nabari taldean eman zituen bere lehen urratsak abeslari eta baxujole bezala.
2004an hasi zen bakarlari bezala kontzertu akustikoak ematen, eta urte horretan bertan Berrizko Hiltegixe Gaztetxeko V. Aldapa musika lehiaketa irabazi zuen. Sari horrek bere lehen CDa grabatzeko aukera eman zion. Musikariak elkartu eta lehen disko kaleratu zuenean, komunikabideetan oihartzuna izaten hasi zen eta makina bat emanaldi eman zituen.
2011an talde izaera albo batera utzi eta CD akustiko bat kaleratu zuen, emanaldi lasai eta atseginak eskaintzeko asmoz, beti jendearenganako hurbiltasuna bilatuz.
22M2
22M2 (22 metro koadro), mundua kontatzeko modu bat da. 2014an ikusi zuen argia eta azken hatsak ematear dago. Naroa Gaintza musikari bizkaitarren proiektua dugu, hainbat urtez Amaiur taldeko ahotsa izandakoarena, alegia.
Oihanederrera, hirukote moduan datoz, kontrabaxuaren laguntzarekin. Une intimoak pasarte indartsuekin kontrastatuak. Mugaldeko gitarrak, psikodelia eta underground ikutuak. Lan zintzoa. Erraietatik idatzia, gutako bakoitzaren bihotzerantz zuzenduta.