Hemen gatoz berriro Makulu Ken taldekook. Lehenengo estudioko lanaren abestiak dozenaka zuzenekotan eskaini eta gero atsedenaren ordua iritsi zitzaigun. Bide luzeak egiterakoan atseden hartu behar omen da. Ez gara alperrik geldirik egon ordea. Abesti berriak sortzen eta atontzen aritu gara eta hemen gaituzu berriro, lan berriarekin.
Diska luze bat da, 70 minutu baino gehiagokoa, batez ere jatorriz nigeriarra eta mundu osora zabaldu den afrobeat estiloa jorratzen duten abestiez beterik. Ez dira ez arrapaladan entzuteko kantak: musikak, afrobeataz gain, beste iturri askotik edaten du eta hitzek askotariko gaiei buruz mintzatzen dira, askotan umorez beterik, hitz joko ageri eta ezkutuak erabiliz eta beti ere (eta afrobeatean ezin beste era batean izan), gizarte kritika eta autokritika ardatza.
Kalè kalè da diska berri honen izena, kaleak kale egiten baitu, kaletarrok kale egiten baitugu behin eta berriz. Kale antolatzen, kale jende arteko ezberdintasunak arintzen, kale neoliberalismoaren erasoen aurrean gure buruak defendatzen, kalè kalè, Calais Calais… Kalez kale gabiltza hala ere, amore eman gabe, estropezu egin eta altxatuz, hanka sartu eta aterez.
Pantailetan barrena ematen zaigun bazka honi begira baina mutur okerra jarriz, guztiz zonbi bihurtzeari aurka eginez. Pantailak itzali eta mugitzera gonbidatzen dugu, gure barruko eta kanpoko kate zurrunak apurtzeko musika eta hitzak eskeintzen ditugu hemen. Gure azken hatsa bota baino lehen bizitzari azken ttantta arte heldu nahi diogu, noemak mirtzikatu, mamitturrik indalotu eta kilamuak eta kilamuak jasan, aitzurrak gure atea jo bitartean behintzat. Bizitzak ekartzen dizkigun gozamen eta tristura asimetrikoak denak nahi ditugu, landatu ditugun zuhaitz guztien fruituak, gaziak eta gozoak, uzta jaso eta ardo eta garagardoz ospatu, bizitzaren ñabardurak gozatuz, parranda zaleak eta lotsagabeak, euskaldunak eta mestizoak. Eta uzta eskasa bada, ba elkarri heldu, eta aurrera! Bihozgabe psikopata batzuk gobernatu nahi gaituzten arren kalèz kalè segituko dugu gure musiken erritmoak astintzen, konzientzien zalantzak mugitzen eta bazterrak nahasten.