2015.ean bakarka eta zuzenean aurkeztutako lan sotil haren ondoren, Mikel Urdangarinek banda osoaren musikalitateaz horniturik agertzen ditu oraingoan bere konposizio berriak disko hurbil, eskuzabal eta sendo honetan. Hamar kantu hauetaz baliatzen da kantaria, gizakiaren barrura begiratu samur bat botatzeko eta norberaren bakardade gordinean bizi diren ahuleziak eta zalantzak, askatasun kantu bilakatzeko. Abestiak entzunaldi hunkigarri batean lotzen dira bata bestearekin, eta modu harrigarrian harrapatzen gaituzte, gure barruan hazten eta garatzen doazen indar ahaltsuak balira bezala.