NOTICIAS

KULTUR MARATILA: Euskarazko kultura Kultur Leioan

·
Kultur Maratila programak euskarazko ekitaldiak eskainiko ditu otsailaren 1 asteazkenetik, otsailaren 5 iganderarte, Kultur Leioan.

Beste urte batez Kultur Maratila Leioara iritsiko da euskarazko ekitaldiak eskainiz. Euskal sorkuntzaren plaza da, non bertan askotariko artistek eta publikoak bat egiten dute. Antzerkia, dantza, bertsoa, musika, performancea… adierazpideak bere baitan hartuz, horiek denak uztartzea eta plazaratzea du helburu. 2012tik daramate elkarlanean Artedrama eta Kultur Leioak programa hau prestatuz, eta aurten ere, euskarazko kultura gozatzeko aukera eskainiko digute. 

Otsailaren 1ean, asteazkena 20:00. Doan. AMORANTE

Musika

Non: Erakusketa gela

Hogei urteko ibilbidean musikari askoren bidelagun izan ondoren, orain Iban Urizar bakarka dator, arriskatzera. Aldean dakartza gitarra, ukelelea, tronpeta, harmoniuma, zintzarria eta bestelako perkusio tramankuluak; bere berea du ahots tarratatua. Eta looper bat darabil, horiek guztiak behar bezala nahasteko, ordenatzeko, eraikitzeko, apurtzeko.

Amorantek iturri ugaritatik edaten du, izen artistikotik bertatik hasita. Rodrigo Amarante musikari brasildarraren eta Enrique Morente flamenko kantari izandakoaren abizenak nahasi ditu, haiei dien miresmenenaren seinale. Eta hasiz gero kantuen aldamioei erreparatzen, han ere era askotako keinuak aurkituko ditu entzuleak, direla Bixenta Mogelen koplak, direla Antonio Molina edota Pepe Marchena flamenko kantarien itzalak, direla herri musikatik hartutako oihartzunak.
Herritik, errotik, eta erraietatik ateratzen den musika.

 

Otsailaren 2an, osteguna 20:30an  3-6€. ATTE HIL AURRETIK

Antzerkia

Non: Auditorium

Maxusek bere biloba Aneri gauero ipuin bera kontatzen zion. Bi hilabete egin ditu ordea istorio hori azkenekoz entzun zuenetik. Ihauteriak hemen dira berriz eta urtero bezala, Erremosenea baserriko harategian ospatzeko erabakia hartuko du Anek. Bere amonak utzitako hutsuneak eta ihauteriek sakonki zirikatuko dute Ane, oheratzean entzuten zuen ipuin hark ezkutuan zeraman benetako esanahia agerian utziz.

Egunerokotasunean botere harremanetan murgildurik gaude. Bi aukera ditugu: errekaren urak zuhaitzetako hostoak eramaten dituen bezala, norberak bere burua hosto bihurtu korrontea jarraituz edo jolasean parte hartu eta irabaztera atera.

Ze punturaino baldintzatzen gaitu inguruak erabakiak hartzerakoan? Ze punturaino gara gure erabakien jabe?

Komedia eta tragediak markatutako bidea jarraituz, sekretuen munduan murgilduko gara. Eszenografia, argien jokoa eta espazio-denboraren tratamenduen bitartez, bai pertsonaiak eta bai publikoak errealismoatik ihes egingo du.

 

Otsailaren 3an, ostirala 20:30an  5-10€. ERTZA DANTZA "Hariak"

Dantza

Non: Auditorium

Askotan pausoz pauso, etxe bat adreiluz adreilu eraikitzen den bezala, nolabaiteko ziurtasuna ematen digun bizitza bat eraikitzen dugu, edozein momentutan dena pikutara joan daitekeela kontutan hartu gabe. Eta hain zuzen ere, dena hankaz gora jartzen den momentu zehatz horietan bakarrik ohartzen gara bizitzaren ahuleziaz.

Instant batean bizitza osoa sostengatzen zioten hariak hautsi eta hutsetik hasi beharrean aurkitu den jendearen esperien­tziez osatutako antzezlana. Benetako jendearen benetako istorioak.

 

 

Otsailaren 4an, larunbata 20:30ean  3-6€. ATX Teatro "Fakiu"

Antzerkia

Non: Auditorium

Fredi Paiaren testu alegorikoa abiapuntutzat hartuta, antzezlan honetan hiru pertsonaia aurkezten dira, forma eta modu askotara: Sistema, Sistema aplikatzen duena eta Sistema pairatzen duena.

Adierazkortasuna Atx Teatroaren zutabeetako bat denez, aurreko lanetan bezala, aktoreek marrazki bizidunetako dinamika jarraitzen dute. Berehala alegatu politikotik ekintza basatira, gerrillako antzerkira pasako dira, pertsonaia sobredimentsionatuak landuz eta publikoaren hesteak (eta ez intelektoa) elikatzeko.

Sorpresa berezia ere badago ikusleentzat. Aktoreek obra moztuko dute, publikoari interpelazio hutsa eginez eta haiek izango dira obraren amaiera erabakiko dutenek.

 

Otsailaren 4an, larunbata 22:00etan  4-8€. UNAI ELORRIAGA ETA GIBELURDINEK "Shane MacGowanen gibela"

Musika

Non: Auditorium

The Pogues talde irlandarraren kantaria izan zen Shane MacGowan ardatz hartuta, beren-beregi sortu ditu Unai Elorriagak testu labur batzuk, hari narratibo bat osatuz, batetik. Bestalde, Gibelurdinek taldeak interpretatuko ditu irlandarren kantuak, protagonistari buruzko testuak harilkatuta. Shane MacGowan kantariaren inguruan dokumentatzen ari zirela, deskubrimendu harrigarri bat egin zuten taldekide batzuek; horren berri emango dute ikuskizunean zehar.

Fronte desberdinak zabaldu eta uztartu dituzten emanaldia: musika, literatura, irudiak, bideoak… eta punk espiritua bete-betean.

Otsailaren 5an, larunbata 19:00etan  6-12€. RUPER ORDORIKA

Musika

Non: Auditorium

Ruper Ordorikak disko berria aurkezten du, “Guria ostatuan”, zuzenean, Arkaitz Miner gitarrista, Fernando “Lutxo” Neira baxu jole eta Hasier Oleaga bateria jolearekin, azken urteotan berarekin egon den banda alegia.

Abesti berri guztien oinarrian, bere estilo berezia dago, garbi eta dotorea, bere ahotsaren hurbiltasuna, tonu baxu eta altuen arteko oreka zorrotza, eta melodia nahastezinak. Bere ibilbide luzea horren pertsonal egiten duten kodeak.

Belusezko abestiak, indar poetiko handikoak, solido eta mamitsuak, zeinetan, zoliki, uneak, oroimenak, eta benetako sentsazioak ekartzen diren, bere zirrarara erakartzeko eta gurekin partekatzeko taberna azpiko suaren berotasuna.

 

 

 

 

Visitas
901
DEJA UN COMENTARIO
0 Comentarios