NOTICIAS

Hamaika egun euskaraz, zuk ere bai Euskaraldian parte hartu dezakezu

·
Zer egin dezakegu euskal hiztunok euskararen erabilera areagotzeko? Galderak hainbat erantzun ditu, baina, Euskaraldia kanpainatik, euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen digute. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin dezagun euskaraz. Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake.

Nola egingo dugu?

Ondoko bi roletako bat har dezagun 11 egunez:

Ahobizi: Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.

Belarriprest: Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.

Zer lortu nahi dugu?

  • Gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea.
  • Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna baino gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea.
  • Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea.
  • Euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea.

Non egingo dugu?

Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen dugu: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan…

Horretarako, herriz herri antolatu gara, baita enpresa, ikasketa zentro eta era guztietako elkarte zein entitateka ere. Izena eman, eta ondoren, zure ingurukoekin parte hartu proposatzen dizugun ariketa honetan.

Nork har dezake parte?

16 urtetik gorako herritarrek eman dezakegu izena.

  • Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da.
  • Belarriprest izateko, gutxienez, euskara ulertu behar da.

Irizpideak betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest ikurra soinean eraman, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu!

Informazio guztia Euskaraldiaren webgunean daukazue. Animatu eta parte hartu!

Visitas
796
DEJA UN COMENTARIO
0 Comentarios