NOTICIAS

Euskal abangoardia eszenikoa V. Zurrunbilo jaialdiaren haizean irauliko da berriro ere

·
Baratza Aretoak antolaturiko Euskal arte eszeniko garaikideen jaialdia apirilaren lehenenego asteburuan (3tik 5era) gauzatuko da, Baratzan bertan zein Oihaneder Euskararen Etxean eta Legution. Antolatu duten programa itzelaren barruan Tripak Kolektiboaren azken pieza 'Urruna', Kamikaz Kolektiboaren 'Panpina' antzezlana eta Maite Aizpuruaren 'Erresistentzia arazo fisikoa da' dauzkagu, besteak beste.

Apirilaren lehen asteburua euskarazko antzerkirako gordeta dago, Baratza Aretoak antolaturiko V. Zurrunbilo festibala izango baita, baratzan bertan zein Oihaneder Euskararen Etxean eta Legution. Hona hemen antolatu duten programa itzela:

APIRILAK 3 OSTIRALA

20:00 h. Baratza Aretoa 7/9€

MAITE AIZPURUA Erresistentzia arazo fisikoa da ZATI BAT (Antzerkia)

Nola egin saltaka norbere gorputzetik? Korrika ibiltzea abiaduraren azelerazioari, pausu markatuei men egitea da running-aren kulturan. Saltaka egiteko ordea, gorputzaren memoriaren txokoetan gelditzera gonbidatzen gaituen pieza eszenikoa da honakoa. Sententzia medikoak, minak, ibilera okerrak, desirak, ironia eta diziplinamendu ariketak gurutzatzen diren geraleku konkretua arakatzeko parada da honakoa. Erresistentzia intimoak zeharkatu eta disidentziarako eszenatokiak asmatzea “diskapazitatea” kontzeptua barrutik lehertzeko. Makinaren dardara eta mamuak konpartitzea. Azkarrago harrapatzen ei zaio gezurtiari herrenari baino. Ibilian-ibilian baina, egia entrenatzen den gezurra besterik ez da. Martxan dabilen promesa.

KAMIKAZ KOLEKTIBOA (Erika Olaizola) «Panpina»

Makillajez estaltzen dut aurpegia, besteek ikus nazaten.Panpina da nire maskara.Aurpegiaren azpian dut gordeta aurpegia.

Erika Rooibos aktore ospetsua da. Gaur bere publiko guztia gonbidatu du antzoki honetara: iritsi da mundu guztiaren aurrean egia esateko momentua. Gaur, lehen aldiz, Erika Rooibos-ek maitasuna egingo du bere itzalarekin.

+info eta sarreren salmenta

APIRILAK 4 LARUNBATA

12:00 – 19:30 h. OIHANEDER EUSKARAREN ETXEA

EUSKAL ARTE ESZENIKOEN LENGOAIAK ETA HIZKUNTZAK: Euskal konpainien lan egiteko moduak eta haien oihartzunak gizartean

2019an ZURRUNBILO-ren barruan egindako jaurdunaldi profesionalaren esperientzia eta gero, eta euskal arte eszenikoen inguruan sortzen ari diren prozesu eta saretze-dinamikak kontuan hartuta, beste urte batez profesional, sortzaileen eta publikoaren topagune bilakatu nahi ditugun topaketei jarraipena emateko beharrizana ikusten dugu. Beti ere, jaialdiaren barruan.

ZURRUNBILO-ren azken edizioan, ATX Teatroa konpainiarekin lankidetzan, Topaketa Profesionalen lehen edizioa antolatu genuen eta bertan euskal eszenako eragile ezberdinak bildu genituen. Bertan, sektoreari buruzko hainbat gai jorratu genituen. Aurten, topaketa horiek finkatzenko eta mamitzeko asmoz egun osoko jaurdunaldia prestatu nahi dugu, beste behin, ATX Teatroaren laguntzarekin eta hainbat eragileen babesarekin.

Aurten, ez da soilik profesionalen topaketa izango. Publiko orokorra gonbidatu nahi dugu, arte eszenikoen eragile bat direla medio, haien partaidetzarekin elkarlana eta topaketa jorratzeko.Edizio honetan lengoaiak eta hizkuntzak hartu ditugu ildotzat.Honekin, alde batetik, konpainia ezberdinen lan egiteko moduak, gogoetak, egoerak etab-ak konpartitu nahi ditugu barruko errealitate ezberdinak ikusteko asmoz, eta bestetik euskaraz sortzearen errealitatea eta horrek nola afektatzen duen gizartea jorratu nahi dugu. Hau da, topaketa honetan, alde batetik barne moduak eta bestetik zer kanpora begira zeintzuk diren egoerak aztertu nahi ditugu. Horregatik eragile guztien parte hartzea nahi dugu: artistak, kudeatzaileak, programatzaileak eta publikoa.

+info + izen ematea

20:00 h. BARATZA ARETOA 7/9€

FORMOL LABORATEGIA Maketa work in progress (antzerkia)

“Mikroskopio batekin aztertzen naute,ni naiz ikertzaileen xedea.Ni naiz objektua.”

Bat batean foku guztia bereganatzen dute, ustez inork ikusten ez dituen momentu horretan. Formol Laborategia Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibargurenek osatzen duten antzerki taldea da. Euskal antzerkian gazteek daukaten tokia esploratzeko nahietik eta bide berrietan sakontzeko motibaziotik jaio da proiektua. Haien belaunaldiaren ahotsak, ardurak, iruditeria eta kontatzeko modua deskubritzea eta beste gazte sortzaile batzuekin saretzea dute helburu. Maketa, aurkezten duten lehen pieza, Gazte Sortzaileak bekari esker sortu da.

TRIPAK Urruna (antzerkia)

Urruna-k leku berezi bat erakusten du, espeleologo batek, bere linterna ezustean piztuta, mundu arrotz batera argia eramango balu bezala. Igarobide bat agertzen da sumendi aktibo baten magalean. Laba irristatzen da, sumendia dardarka ari da bere zatiak dirdiratuz. Bertako biztanle ohiek, labak irentsita eta harri bihurtuta, osatzen dituzte orain paisaiaren erliebeak. Bizirik dirauen komunitate txiki bat ikus daiteke. Alargunez osatutako koro izerditsua da, neurriz kanpoko egunsenti baten oroitzapena partekatzen duena. Paregabeko egoera horretan, harremanetan daude kiskaldutakoekin, haiekin orain maitekiro, hurrengoan axolagabe eta ikaragarriro jokatuz. Zerbait makabroa nolatan izan daiteke hain hunkigarria?

Giro horretan, berehala zimelduko den lore bat bailitzan, gaixo birjinal bat jaiotzen da. Pertsonaia horrek, berehala liluratuko du bidaiari bat, eta hau betirako geratuko da leize horri so. Biztanleen beldur eta augurioek, eta bidaiariaren maitasun desesperatuaren adierazpenek nolabaiteko erregu baten antza dute… Metal preziatu bat irteten da sumendiaren barrutik. Gertaera hori misterioarekin, atzemanezineko zerbaitekin, soinu berri batekin topo egitea bezalakoa da pertsonaientzat

+info eta sarreren salmenta

APIRILAK 5 IGANDEA

12:00 h. LEGUTIOKO PLAZA

BAPATEAN ZIRKO Adabaki (haurrentzako antzerkia)

Bi pailazo, leku bat eta mila aukera. Ada eta Bakiren jolasak emozioz, golpez, majiaz eta humorez beteriko unibertso batera eramango gaitu. Zeinetan garrantzitsuena ez bait den kontatzen diguten historia, baizik  eta bien arteko erlazioa eta elkarrekin sortzeko gai diren mometu bitxi eta bakarrak. Ongi etorri, egunkari, pelota, maleta eta ADABAKIZ osaturiko lurralde txiki honetara. Hitzik gabeko clown ikuskizuna.

+info eta sarreren salmenta

19:00 h. BARATZA ARETOA

OLATZ GORROTXATEGI «43º13′ 44» N «

«43º13′ 44» N antzezlana egileak bere familiaren memorian egindako bilaketa prosezuaren emaitza da. Beste leku baterako bidean aurkitutako istorioa da, non irudimenaren mekanismoek memoriak utzitako hutsuneak betetzea lortzen duten. Egiteko astirik eman ez zigun argazkiak dira, hartzeko astirik eman ez zigun itsasontziak edo gorputzetik atera ezin izan genituen balak dira. Bitakora koadernoa. Performance eta dokumentu-antzerkia. Biografia politikoa.

Iraupena: 60 Min

+info + sarreren salmenta

Visitas
789
DEJA UN COMENTARIO
0 Comentarios