Antzerkigintzan leku nabarmena irabazi du gure maiatzeko elkarrizketatuak. Laytonen laborategian hasi zan Lipus, gero Bilbora itzuli eta Mina espazioa sortu zuen beste batzuekin batera. Hortik aurrera antropologiara eta ikerketara hurbildu zan eta orain euskal antzerkiaren inguruko liburua dago idazten. Artedrama eta Huts Teatroaren sortzailearekin berba egin dugu eta plazer izugarria izan da!
instagram.com/ander_lipus
www.artedrama.eus
Argazkiak / Ainhoa Resano & Juxe
Zertan harrapatu zintuen berrogeialdiaren hasiera?
Ostegun baten izan zan, Gernikan. Ostiralean geneukan obra bertan behera geratu zan, gero Martin Zalakain ere, eta holan hasi ziren geneuzkan obra guztiak erortzen. Beraz, esan genezake Gernikan izan zala, justu lankide baten etxean eta beste ekipoko lagun batekin lan egiten. Berrizen bizi naz eta hemen nago konfinamenduan.
Zein eragin izan du Artedrama euskal antzerki konpainian? Eta bestelako lan eta proiektuetan?
Artedramari, zorionez esango dut kako artean, ez gaitu hain gaizki harrapatu. 2019an zehar Zaldi Urdina emanaldi pila eman ditugu, ez gaude beste talde batzuk bezala, estreinatzako zeundela edo. Baina behera utzi behar izan ditugu 18 emanaldi inguru. Gero, Gernikak proiektua bertan behera usteak ere, non 300 pertsona parte hartuko zuten. Bi urte neramatzan obra hori prestatzen eta apirilaren 25ean, bonbardaketaren urteurrenean, estreinatu behar genuen. Esperantza dekogu hurrengo urtean egin ahal izateko. Hori bai izan zan pixkat fuertea. Bestalde Martin Zalakainekin hari ginan, Juan Antonio Urbeltzek zuzendutako, Pio Barojaren eleberrian oinarritutako dantza ikuskizuna. Zornotzako eta beste emanaldi batzuk galdu dira.
Eta azkenik, Atzerrian lurra garratz, Amancay Gaztañagak zuzenduta, Artedrama eta Huts Teatroaren (Hozkailua, Etxekoak, Publikoari gorroto) arteko proiektu berria. Baina hurrengo otsailerako daukagu planifikatuta. Eta gauza asko daude hor, adibidez kolonialismoa, emakume migrante batek, euskaduna dena gainera, zein espazio eta leku daukan hemen geure herrian. Pertsonai protagonista Muiska komunitatetik datorren indigena da, zaintzaren inguruan gogoteak dauzka eta erakusten du migranteak hemen ez dauzkatela lan baldintza hoberenak edota ikasi duten esparruan lan egiteko aukerarik. Horregatik izenburua, esaera zaharrean oinarrituta: Atzerrian lurra garratz, oina ibinik egin baratz. Amancay, Laura Penagos eta hiruroz gain, proiektuan Miren Amuriza dabil musikarekin laguntzen, Ibon RGk egingo du espazio sonoroa, Arantza Floresek argiak eta Barbara Rasok jantziak. Nahiko proiektu ederra.
ADEL20 XV. euskal laborategia apirilaren 13tik 18ra izango zan Aulestin. Taldea osatuta zegoela suposatzen dugu. Zer egingo duzuen badakizue?
Pena eman digu baina itxaropena dugu aurrerago egiteko. Prestatuta zegoen guztiz, ikasle guztiak matrikulak eginda zintuzten, antzezlanak genituen eta abar. Bertan behera utzi behar izan dugu dagoen moduan, baina asmoa daukagu irailean egiteko. Koronabirus madarikatuak usten badigu, iraileko 21etik 26ra, azken aste hortan daukagu esperantza berriz egiteko. Udalak eta herritarrak kriston penaz gelditu ziran baina irailean saiatuko gara.
Inork ez daki, baina imajina dezagun: zein uste duzu izango dela krisi honen ondorengo eboluzioa kulturgintzan? Euskal Herria espresuki kontuan izanda.
Esan ohi dudanez, gure ofizioa hurbil dago batzuetan arrakastatik eta beste batzuetan arrastaka ibiltzetik. Jarri beharko gara nahiko barrikadetan eta jendea konbentzitu antzerkira etorri dadin, geure herriaz mintzatzen garelako eta beharrezkoa delako, pelikulak ikustea edota liburuak irakurtzea bezala. Ez dezatela orain berriro, krisiaren izenean, gure diru iturriak moztu. Moztea daukatela hain beharrezkoak ez diren beste leku batzuetatik: armagintzan, polizian. Badirudi badagoela nahiko txibato etxeetan, orduan polizia gehiago zertarako behar dugu, ezta? (barreak).
Eta estatura begira bagaude ondiño txarrago. Euskarazko teatroa egiten dugunok, euskal komunitateari zor diogu gure lana. Espero dugu euskal politikariek begi ilunez zaintzea gure ofizioa. Ikusita beste herrialde batzuk nola funtzionatzen duten eta estatututik datozen aginduak, ematen du metro batzuk gorago, Iparraldean bizitzean, birusak beste gauza batzuk egiten omen dituela. Hor badau sentzasiño bat guk artalde bilakatu garela. Krisi batetik ez bada iraultza bat ateratzen gaizki gabiz.
Biriaturen beste aldea urrunago dirudi orain, nola daramazue hori eta noiz arte luzatuko dira denetariko muga hauek, zure ustez?
Ezjakintasunak, niri pertsonalki, hilabete terdiko konfinamendu honetan, desesperazio momentu batzuetara eraman nau. Entzun beharko dugu politiko hauek zer esaten duten, hain da aldrebesa ez dodala ezer sinisten. Ez dut ulertzen nola egon daiteken irekita estanko bat eta nola pertsona batek ezin duen korrika egin. Hainbat kontradikzio daude, mundu guztiak daki asko eta inork ez daki ezer. Baina kasu egin beharko dugu, badakigu gaixotasunak badaukala bere larritasuna eta errespetu guztiarekin zaindu beharko ditugu gauza batzuk. Baina supermerkatu batera 300 pertsona joan ahal badira, zergatik ez 100 pertsona antzoki batera? Ez dakit, nik galdera gehiago ditut erantzunak baino. Hori bai, bufoiak ez gara batere ezinbestekoak eta konfinamendura eraman gaituzten lehenengoak izan gara (etxeko andreak, umeak eta emakumeak bezala), kapitalak lasai lasai lanean jarraitu duen bitartean.
Streaming eran ez dozue edukirik argitaratu? Egoera honek inspirazioa lagundu edo hil egiten du?
Nik zorionez, sorkuntza esparruan jarraitzen dut egunean ordu pila. Hari naiz liburu bat idazten, antzerkiaren inguruan, eta sentsu hortan artista batentzat, gelditzea, isiltasuna, ezinbestekoak dira. Gainera ematen du bakarrik online bizi garela orain eta horrek harritzen nau. Nik antzerkia egiten dut, ez dut egiten antzerkia online. Izan litekeela beste aukera bat baina ez daukat inongo gogorik nere etxeko ateak irekitzeko, nere etxeko sala nolakoa den erakusteko jendeari, edo zenbat eta zein liburu ditudan apalean. Beste momentu baten nago baino errespetatzen dut, musikoek adibidez, aurkitzen dutela beste sorkuntzarako esparrua eta espiritua.
Nola daramazu itxialdia? Itxialdi emozionalak zelan?
Gogorra da, nere gainbehera emozionalak ditut, mundu guztiak bezala. Momentu batzutan nahi duzu kalera irten ta bonba bat jarri, gero momentu baten mundu guztia maite duzu, beste momentu baten oso pozik zagoz, daukazun minimo horiekin ondo zaudelako. Nik behintzat ala bizi dut, gure ofizioak beti prekarioan bizi izan gara. Bizitza austeroa eramaten duzunean, itxialdia hobeto asimilatzen duzu. Bizitza topea biziko banu ba bueno orduan igual kriston ostia hartuko nuke. Badakit bizitzen eta erortzen naizenean aurrera egiten dut.
Desira bat.
Osasuna. Uste dut osasuna hitzaren artean parametro asko daudela. Uste dut gizarte aldrebes hontan osasunerako eta zaintzarako bideratze bat aurkitu beharko genukeela. Klabeak dirala eraiki dugun gizarte madarikatu hau bideratzeko zentzuzko gizarte batera. Osasun mentala, jatekoan, ekologian... Eta heriotza etorri behar bada etortzea, etorri behar duen moduan baina ez histeriarekin. Hil beharko gara eta bizitzak jarraituko du. Inkluso heriotzerako osasuna, dignitate minimo bat, hil nahi baduzu edo hiltzen bazaude.