Ekainaren 22tik 24ra bitartean, Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztuko dituzte beren lanak #Batera deialdian aukeratu diren 3 proiektuak: 22an, Ane Nafarrete, Jone Arriola eta Uxue Botasek osatutako taldeak, Larrugorritan seriearen lehen kapitulua estreinatuko du; hurrengo egunean, 23an, Maider Lasak, Loa Loa laguna diskoa aurkeztuko du eta 24an, berriz, Eñaut Zubizarretak Poliedro Vol. 1 izenburupean biolontxeloa gaur eguneko musiketara hurbiltzeko osatu duen proiektua ardatz izanik kontzertua emango du. Plan ezin hobea gazte kreatibo hauen lanak ezagutzeko ta euskal kultura aldarrikatzen jarraitzeko.
Crowfunding kanpaina arrakastatsuak
Batera: kultur proiektuak elkarrekin deialdiko hiru crowdfunding kanpainak amaitu egin dira. Maider Lasak, Eñaut Zubizarretak eta Ane Nafarrete, Jone Arriola eta Uxue Botas gazteek osatutako taldeak, Itsulapikoa.eus plataformaren bidez, beren proiektuak gauzatu ahal izateko gutxieneko helburu ekonomikoak lortu dituzte. Proiektu bakoitza gauzatzeko 4.000 €tik gora izango dituzte eta ekainaren 22tik 24ra bitartean aurkeztuko dituzte Oihaneder Euskararen Etxean.
Maider Lasak, Eñaut Zubizarretak eta Ane Nafarrete, Jone Arriola eta Uxue Botas gazteek osatutako taldeak ateratako diruarekin sexu lo-kantez osatutako diskoa (Loa, loa laguna), biolontxeloa gaur eguneko musiketara egokitutako kantuz eta partituraz osatutako disko-liburua (Poliedro vol. 1) eta gazteei zuzenduta dagoen fikziozko seriea (Larrugorritan) garatuko dituzte, hurrenez hurren.
Baliabide ekonomikoak lortuta, orain sormen lanaren txanda izango da, ia hiru hilabete izango dituzte beren lanak gauzatzeko: bakoitzak beren lan-katea osatu beharko du, eta ilustratzaile, aktore, bideo-sortzaile, musikari, etab.ekin bat egin beharko dute elkarlanean beren proiektuak egikaritzeko.