Bost dira musikari hasiberrientzako Egin Leku! deialdian aukeratu diren proposamenak. Leire Etxezarreta, Alaitz Artola, Arthur, Dei eta Ekiñe gazteek urritik aurrera, bi hilabeteko maiztasunez, kontzertuak eskainiko dituzte Oihanederren.
Leire Etxezarreta, Alaitz Artola, Arthur, Dei eta Ekiñe musikari hasiberriek izango dute aukera urtean zehar Oihanederren kontzertu bat emateko. Horrela erabaki zuten epaimahaikide izan ziren Jon Basaguren, Miren Narbaiza –MICE– eta Mikel Urdangarin musikariek.
Egin Leku! deialdiaren lehen kontzertua urriaren 7an emango du Leire Etxezarreta arrasatearrak. Dagoeneko gonbidapenak eskuragarri daude ohiko bideak erabilita (telefonoz, www.oihaneder.eus edo oihaneder@oihaneder.eus helbidean). Hurrengo kontzertuak bi hilabeteko maiztasunaz egingo dira, abenduaren 2an Alaitz Artola amezketarra izango da Oihanederren.
Irabazle bakoitzak beren musika proposamena aurkezteaz gain, 200€-ko saria jasoko du. Ekainean erabiltzaileek publikoaren saria emango dute. Guztira Euskal Herri osotik jasotako hamabi proposamen aurkeztu dira bigarren edizio honetan.
“Egin leku! deialdia Oihaneder euskarazko sorkuntza herrikoira zabaltzeko modu bat da. Deialdi ireki honen bitartez kulturgune euskaltzale honetan jotzeko aukera eman nahi diegu Euskal Herriko artista berriei. Musikaren munduan, kantuen konposizioan, lehen urratsak ematen ari diren musikariei leku bat eskaini bertan jo dezaten.
Leire Etxezarreta hogeitalau urteko arrasatearra da. Umea zenetik trikitixa eta panderoaren munduan murgildu, eta orduz geroztik, modu batean ala bestean, musikari lotuta egon da. Gaur egun trikitixa eta pandero irakasle lanetan aritzen da, eta Neomak eta Sarrabete taldeetako partaidea da. Urte batzuetatik hona gitarra hartu eta bere kantu propioak sortzen hasi zen, eta gaur egun ilusioz jarraitzen du hauek lantzen.
Alaitz Artola hogei urteko musikari amezketarra da. Zortzi urte zituela hasi zen pianoa jotzen, eta berehala Donostiako Francisco Escudero Kontserbatoriora egin zuen salto. Bertan hamar urteko piano-ikasketak gauzatu ondoren, gaur egun, Musikenen, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian piano-interpretazio ikasketak egiten ari da. Pianoaz gain, txikitatik gitarra eta ahotsa izan ditu bidelagun. Azken urteetan kontzertu akustikoak emanez aritu da, eta pixkanaka bere abesti propioen sorkuntzan murgildu da.
Arthur, gaur egun Manu deitzen da, nahiz eta Aygiun eta Imanol ere deitu izan den iraganean. Bi urte zituela Varnatik (Bulgaria) Gasteizera ekarri zutela kontatzen du. Hiri, mundu eta kultura berri batera ekarri zutenean, erreza ez zela izango jakin zuela eta beldurra sentitu zuela kontatu digu. Musikaren bitartez bere barruko sentimenduak adierazten, eta bizi izan duen hori, "era poetiko" batean kontzatzen saiatzen dela dio. Musikari bezala bere oinarri propiak sortzen ditu. Dancehall bere genero gogokoenetakoa izaten ari da azken boladan, baina abesti berean mota guztietako genero musikalak nahastea maite du.
Aitzol Urkiza eta Iñigo Bravo mutrikuarrak betidanik ezagutzen dute elkar, eta Karenka izeneko taldeak batu zituen entsegu lokaletan. Hamar urteren ostean, gitarra akustiko eta pianoak lagunduta, pop-rock kutsuko abestiek osatzen duten DEI proiektu berria jarri dute martxan 2021ean.
Ekiñek betidanik izan du musika bere bizitzan; panderoa ikasten hasi zen, ondoren trikitixa, eta azkenik, gitarra. Trikitixa Eskolak oholtza gainean egotera ahalbideratu dio txikitatik, eta oholtzari gustu berezia hartu zion maketa txiki bat argitaratu zuen arte. Besterik ez izeneko maketa. Bertan bere zalantzak, beldurrak eta itzalak azaleratzen ditu, bere barnean dituen mamuak kanporatzen ditu, eta baita bere burua den bezalakoa onartzen lagundu ere. Kontzertuetan bere ahotsa eta gitarra akustikoa entzun daitezkeen arren, hainbat musikarik baxuarekin, pianoarekin, gitarra elektrikoarekin, kajoiarekin eta pianoarekin bere ahotsaren eta gitarraren soinua gorpuzten lagundu diote.
Egin Leku! deialdiaren bigarren edizioa izan da aurtengoa eta antolatzaileak gustura azaldu dira jasotako hamabi proposamenekin: Gipuzkoa izan da herrialde oparoena (6), Araban ere izan dugu arrakasta (4) eta Nafarroatik eta Bizkaiatik lan bana iritsi zaigu.
Musika motari edo proposamenen izaerari buruz estilo anitzekoak izan direla esan behar da: pop, folk, metal, reggae-rap, indie, dance hall, moombahton, reggaeton, rock… Eta aukeratutakoen artean ere mota ezberdin askotako musika proposamenak daudela.