NOTICIAS

Lautan Hiru jaialdiaren bostgarren edizioak antzerkiz blaituko du Bilboko Alde Zaharra otsailean

·
Aurten, gogoberrituta eta nobedadez jantzita dator bosgarren aldia beteko duen LAUTAN HIRU antzerki-jaialdia. Helburuak, baina, ez dira aldatu: euskarazko antzerkia hauspotu; antzezlanak erakusteko gune berriak eskaini sortzaileei; eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragin, kultura aukerak zabalduz. Aurten, otsailaren 2an, 9an, 16an eta 23an egingo da. Bost lekutan programatuko dira lanak: Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitza. Begiratu egitaraua zure laguntxu agendan eta eskuratu zure bonoa!

Aurten, gogoberrituta eta nobedadez jantzita dator bosgarren aldia beteko duen LAUTAN HIRU antzerki-jaialdia. Antzerkigintza ardatz hartuta, hainbat emankizun eskainiko dira: LAUTAN HIRUk ekoitzitako saio esperimental bat (solasaldi taularatua) eta bakarrizketa bat (Patxo Telleriaren eskutik), Ganbila bildumaren aurkezpena...

Helburuak, baina, ez dira aldatu: euskarazko antzerkia hauspotu nahi da (antzezlan guztiak euskaraz emango dira); antzezlanak erakusteko gune berriak eskaini nahi zaizkie sortzaileei; eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, kultura aukerak zabalduta.

Aurten, otsailaren 2an, 9an, 16an eta 23an egingo da LAUTAN HIRU, eta lau ostegunez jarraian antzerkiz blaituko da hiriko Alde Zaharra. Bilboko Udalak babesten du jaialdia, eta Euskaltzaindiak aurten ere elkarlanean antolatu du egitaraua, hain zuzen, Cafe Bar Bilbaorekin eta BIRA Kulturgunearekin batera.

Eszenatokiei dagokionez, betiko laurei AEKren Kalderapeko kulturgunea gehitu zaie edizio honetan. Hortaz, bost lekutan programatuko dira lanak: Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitza.

EGITARAUA ( #LautanHiru2023 )

Otsailak 2

  • 19etan (Euskaltzaindian): Txizatoki bat eszenatokian (Patxo Telleria) 40'
  • 20etan (Kalderapekon): Nire zigilua (Alain Lersundi) 35'

Otsailak 9

  • 19etan (7katu gaztetxean): Igaro (Maren Basterretxea) 30'
  • 20etan (BIRAn): Zuri (Goitibera konpainia: Gaizka Chamizo, Saioa Iribarren, Ander Ba-saldua) 30'

Otsailak 16

  • 19etan (Euskaltzaindian): Solasaldi eszenaratua (Jokin Oregi, Aizpea Goenaga, Eneritz Artetxe, Matxalen de Pedro) 50'
  • 20etan (Cafe Bar Bilbaon): XX. Cafe Bar Bilbao saria (Lutxo Egiaren Hamalau: Irakurketa dramatizatua, Mikel Martinezen eskutik) 20'

Otsailak 23

  • 19etan (Euskaltzaindian): Raska Nazka (Aitor Vinagret) 25'
  • 19:30ean (Euskaltzaindian): Ganbila bildumaren aurkezpena (Oier Guillan)
  • 20:30ean (BIRAn): Daisy Crazy (Pez Limbo konpainia: Josune Vélez de Mendizabal eta Ane Gebara) 25'

ANTZERKI- EKOIZPENARI LAGUNTZA

2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Estreinako laguntza hori Artekartu konpainiak eskuratu zuen, Hauts artean lanagatik. 2021ean, berriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso zuen laguntza, Udaberria heldu da lanagatik. 2022koa eman barik gelditu da, baina aurten beste deialdi bat egingo da, 2024ko edizioari begira.

LAUTAN HIRUREN EKOIZPENAK

  • Dramaren komeriak deseraikitzen (solasaldi taularatua): Matxalen de Pedrok gidatuko du esperientzia berria. Bertan, Aizpea Goenaga, Jokin Oregi eta Eneritz Artetxe ahaleginduko dira antzerkigintzaren gakoak azaltzen, modu umoretsu eta jostarian.
  • Txizatoki bat eszenatokian: Patxo Telleriak jaialdirako beren-berengi idatzi duen gidoia. Telleriak berak antzeztuko du, LAUTAN HIRUren estreinako egunean.

IKUSLE KLUBA

Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) batera, Ikusle kluba antolatu zen iaz. Aurten ere esperientzia hori errepikatuko da, eta ikusle talde batek Maren Basterretxearen Igaro antzezlana aztertuko du. Igaro otsailaren 9an taularatuko du Basterretxeak, 7Katu gaztetxean, eta Ikusle-kluba aurreko egunean bilduko da. Hala, bizipenak partekatzeko gunea sortu nahi da, helburua antzezlanez gogotik gozatzea dela.

SARRERAK ETA ZOAKETAK 

Urtero lez, bonuak eta sarrerak jarriko dira salgai. Bonuak 7 eurotan, eta jardunaldi bakoitzeko lan guztiak ikusteko aukera izango dute erosleek (ostegun bakoitzean bi). Sarrera bakarra erosteko aukera ere izango da, jakina (emanaldi bakoitzeko 4 euro).

Bonuak (7 euro) Bilboko Plaza Barriko Cafe Bar Bilbaon eta Erronda kaleko BIRA Kulturgunean salduko dira, bihartik hasita agortu arte. Gogoratu behar da bonua erosi duten zaleen artean 'opariak' zozkatuko direla astero. Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.

Formatu txikiko lanak antzeztuko dira LAUTAN HIRU jaialdian, hala iraupenari, nola muntaketari dagokionez (oro har, 25-50 minutuko piezak izango dira), eta, esan legez, bost agertokitan antzeztuko dira: Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15), BIRA Kulturan (Erronda kalea, 2); Cafe Bar Bilbaon (Plaza Barria, 6); 7Katu gaztetxean (Solokoetxeko eskailerak) eta Kalderapekon (Txakur kalea, 1).

 

Visitas
916
DEJA UN COMENTARIO
0 Comentarios