NOTICIAS

ARTISTA PORTADISTA: Ramon Zabalegi (@zumitrenko) "Pertsona gehienak ez dira guztiz sorkuntzaz bizi, eta hala ere, guztiz bizi dira sortzeko"

·
Desira aldarrikatu nahi dugu martxoan (eta beti). Desira, maitasuna eta askatasuna. Horretarako izen hori daukan eta guztiz aproposa den Ramon Zabalegi (aka @zumitrenko) artistaren portada punky ederra daukagu borroka hilabete honetan. Egin diogun elkarrizketa luzea irakurtzera animatzen zaituztegu, irundarrak eman dituen erantzunak interesgarriak baitira, oso! Eta gogoratu: akatsa da bidea!

Desira aldarrikatu nahi dugu martxoan (eta beti). Desira, maitasuna eta askatasuna. Horretarako izen hori daukan eta guztiz aproposa den Ramon Zabalegi (aka @zumitrenko) artistaren portada punky ederra daukagu borroka hilabete honetan. Errestaurazioan erabiltzen den rigattino teknikaren inguruan mintzatu gara Zabalegirekin, glitch edo errore informatiko analogikoak gustatzen zaizkiola komentatu digu, bere ingeleseko ikasle bereziak aipatu dizkigu eta Irungo Harrera Sareak egiten duen lana aldarrikatu dugu ere, besteak beste. Egin diogun elkarrizketa luzea irakurtzera animatzen zaituztegu, irundarrak eman dituen erantzunak interesgarriak baitira, oso! Eta gogoratu: akatsa da bidea!



Gernikako Lekuek festibaleko kartela eta Arimaren Kea eta larruak EPko portadak dira zure azken lanak, benetan ederrak gainera! Zerk inspiratu zaitu?

Kea eta Larruak singela da. Paulek egin du diseinua, nire irudiak erabilita. EPa Beldurraz beste egitean da, eta hemen bai, irudi eta diseinua, biak dira nireak. Azkeneko urteetan erretratuek gero eta garrantzi haundiagoa hartu dute nire lanean, beharbada pandemiak pertsonak hurrundu eta aurpegiak estaltzen ari zizkigulako, eta erretratu bitartez pertsonak gertura ekartzeko modua izan delako edo.

Arima-ko Paulerekin haseran kontzeptua definitu genuen. Bere EP honetako letrak irakurri eta horietan garbi ikusi nuen dolu bat, agur esate eta onartze bat zegoela. Beharbada bere buruaren parte bati agur esatea izan zitekeela esan nion, ideia hori gustatu zitzaion eta abiapuntu hori finkatu genuen: bere erretratu bat non parte bat lausotua edo desagertzear dagoen. Teknika desberdinekin frogak egiten hasi nintzen, akrilikoa, koloretako arkatzak, pastelak… Momentu batean lagun bati esker Rigattinoaren ideia erantsi nion lanari. Errestaurazioan erabiltzen den teknika bat da, galdutako zatiak koloreen interpolazioaz berreskuratzeko modu bat da, eta aldi berean zaharberritzea egon delaren marka argia uzten duena. Hau gure lanarekin lotzea erraza zen: norberaren parte bati agur esatea, zaharberritzea, eta horrek marka uztea. Azkeneko emaitzak ideia hori jasotzen du, eta aurretik frogatutako erretratu horietako batzuen nahasketa da.

Lekuek-eko kartela Maurizia Aldeiturriagari omenaldia da. Ez zen Gernikarra, baina bai gertukoa, Zeberiokoa. Emakume eredugarria da, musikan lan haundia egiteaz gain oholtzan egoteko bere moduak estereotipo femeninoa hausten zuelako (ahots xuriaren estereotipoa, Maurizia indarra bait zen). Gaur egun oraindik estereotipoekin haustura horren beharra dugu, eta hortaz, Maurizia inbokatu dugu. Formalki, collage bat da, glitch edo errore informatiko analogiko bat. Fragmentazioak eta akatsek erakartzen naute.

Etorkizun hurbilean arte ‘guztia’ ordenagailuek sortuko dutela pentsatzeak kezkatzen zaituela irakurri dizugu. Glitch analogiko batekin erantzun duzu. Makinak gizakien antza hartu nahi badute, gizakiak alderantziz?

Ironikoa zen. Gizakiok ez diogu artea egiteari inoiz utziko, horretara mugitzen gaituena sakoneko behar bat bait da. IAk egin ahal duena harrigarria da eta beharbada oraindik gehiago prekarizatuko du jada prekarioa den sortzaile gehienen bizitza. Baina sorkuntzan aritzen diren nire inguruko pertsona gehienak ez dira guztiz sorkuntzaz bizi, eta hala ere, guztiz bizi dira sortzeko. Hori ez dut uste aldatuko denik.

Bestalde, glitch informatikoak ederrak dira, eta makina eta pertsonen arteko hartuemana ere sorkuntzarako iturri emankorra da, zientzi fikzioan zein errealitatean.


Zein uste duzu izango dala bilakaera zentzu honetan? Bai lege kontuan (IAk artista ezberdinen hainbat obrekin sortzen dituzte beste obra berriak, adibidez) zein orokorrean.

Zaila da aurreikustea. Gaur egun autoretza pertsonari ezinbestez lotuta dagoen kontzeptua da, pertsonaren erabaki konsziente bati lotua. 

IAk sortutakoa, beraz, ez du autorerik? Ala IA hori programatu dutenena da, algoritmoaren jabeena? Guzti honek autore kontzeptu bera erabat irauliko ote du? Ez nuke jakingo esaten.

Tira Ramon, nola azalduko zenuke zure sormen prozesua? Akatsa bada bidea (guztiz ados gaude hemendik), zein da helmuga? Nola/noiz dakizu artelan bat bukatuta dagoela?

Arima-ren diskoarena adibide ona da, kontzeptu nahiko definitu batetik abiatu eta hortik aurrera iterazio bat da. Irudi sortze prozesuak berak kontzeptua fintzen laguntzen du, eta kontzeptu finagotik abiatuta beste irudi bat dator. Tarteka, akatsak gertatzen dira, ezinbestekoak bide batzuk baztertzeko, eta batzutan prozesua bera ebazteko klabea emango dutenak.

Helmuga uste baino gertuago ikustea izaten da lehenengo akatsa. Ez dut aurreikusten zenbat lan eta denbora hartuko duten gauzek, eta eskerrak, bestela ez nituzkelako ekingo. Ziur aski, nolabait modu inkonsziente batian informazio hori nire buruari izkutatzen diot, aurrera egin ahal izateko. Sortzaileen artean uste dut asko ematen dela.

Noiz amaitu duzun jakitea zaila da. Niri entregatzeko epeek, edo erakusketak montatu eta zabaltzeko egunek asko laguntzen naute horretan.

Digitala ahalik eta gutxien erabiltzen duzu, digitalak egiten duena eskuz eta era analogikoan imitatzeko ez bada. Zergatik hori?

Ez dut ezer arte digitalaren kontra, baina eguneroko bizitzan digitalaz sobera inguratuta nago, eta mundu fisikoan eragiteak badu beste xarma bat: pinturak, paperak, pintzelak, egurrak, tresneriak, plazer iturri dira. Eta nire akatsetarako kondizio hobeak bermatzen dituzte.


Musikarekin erlazionaturiko artelanak egiten dituzu orokorrean. Ba ahal dago sinestesia moduko bat hor? Edo nola ulertzen duzu zuk soinuak eta musika estiloak era plastiko/grafiko batean irakurtzeko kapazitate hori?

Sinestesia moduko bat izan daiteke, bai. Lengoai desberdinen artean badaude elkarrekikotasunak, eta pintura eta musikak jokatzen dute biek erritmoarekin, testurekin, tentsioarekin, errepikapenekin, hausturekin eta inkluso koloreekin. Antzeko ikusten dittut maiz. Arima-ren diskoaren adibidera  bueltatuz, beraien musikan bada pop argitsu bat eta noise distotsionatu baten arteko tentsioa: trazo zakarrez egindako irudi koloretsu batean bezala.

Eskafandra bilduma feministan argitaratu berri duten R.W. Connell-en Maskulinitateak; lanari zure autoerretratua jarri diozu azalean. Zer esan maskulinitateen inguruan?

Ez diot nik jarri! Eskafandra-koek eskatu zidaten argazki hori, Eider Rodriguez eta Lorea Agirrek, konkretuki. Ohorea izan da niretzat. Autorretratu xinple bat da, baina liburuan ikusi dudanean, begi berriekin, asko gustatu zait. Argazkiekin hori gertatzen da sarritan, aldatzen doaz, batzutan besteen begiradaren bitartez.

Maskulinitateak konstrukzioak dira, generoa bezela, aldakor eta ezegonkorrak, kontraesankorrak. Txikitatik bizitzea tokatu zitzaidan ereduarekin ez naiz eroso sentitu: gizona boterean mantentzeko eredua da, biolentzia eta homofobiaren bitartez definitzen duena zer den maskulinoa, emakumeen zapalkuntzarekin ezinbestez lotua. Feminismoen eskutik etorri den maskulinitate horren eraistea pozgarria eta askatzailea da. Hala ere, aldi berean eraiste horri aurre egiteko maskulinitate erreakzionario bat indartzen ari da. Gaiaren inguruan hausnartu nahi duenari Eskafandra-ren liburua gomendatuko nioke, gustora irakurtzen ari naiz.

Web orrialde diseinatzailea, programatzailea, ingeniaria, postaria Ingalaterran.. Hainbat buru dituen munstro eklektikoa zara guretzat, dudarik gabe, naiz eta zuk "kaotikoa" adjetiboa erantsi zeure buruari. zure azkenengo aurpegi baten inguruan mintzatzearren, nola daramazu ingeleseko maisua izatea? gainera ikasle bereziekin..

Azken urteetan nire gustoko gaietara ekarri ditut ingeleseko klaseak gero eta nabarmenago, eta ikasle perfil jakin bat erakarri dute: sortzaileak, herri mugimenduko kideak. Ezagunak dira haietako batzuk. Kattalin Miner ta Eiherako bere lankideekin genero kontuak landu genituen, Jabier Muguruzakin musika , artea eta Irungo politika txaskarrilloak, Eider Rodriguezekin eta Maialen Lujanbiorekin literatura, Eva Riverarekin dokumentalak eta zinea, Fermin Muguruzarekin zinea ere bai, Xabi Strubellekin zer ez. Beste asko, ez hain ezagunak. Baina haien guztien irakasle izanda asko ikasi dut nik. 

Nola harremantzen dira zuretzat disiplina ezberdin guzti hauek? Adar batean zein bestean ikertu eta egin duzu lan.. Helburu berdinak dituzten hizkuntza ezberdinak edo?

Lantzen ditudan disziplina gehienak sorkuntzarekin lotuta daude, ala nolabait lotzet ditut nik. Sortzea eta ikertzearen artean bada antzekotasunik, adibidez. Londresen postari izatearena superbibentzia kontua izan zen, baina auzo desberdinetako azterketa-joku etnografikoaren amateur bat bazegoen ere.

Kuriosidade haundia dut eta plazera modu desberdinetan aurkitzeko erreztasuna. Aipatu dituzun hoietaz gain, azkenaldian pila nabil musika jartzen DJ moduan, grabatu tailerrak ematen ditut, irratian ibili nintzan faltan botatzen dudan saio bat egiten (Pandemoniyua, Naiz Irratia), argazkilari lanak egiten ditut, kontzertuak eta pintxadak antolatzea gustatzen zait. Musika egitea ere, oso gutxi dakidan arren. Kaosa baino, dispertsioa eta itotzea izan daitezke nire benetazko arazoak. Normala den bezela ez dut hori dena egiteko nahiko nukeen denbora guztia.

Zergatik ikasi zenuen Ingenieritza? “El arte es morirse de frío” eta horrelako leloak direla eta? Ingeniari lanak egin dituzu?

Erreztasuna nuen matematika eta halakoentzat, eta ikasketa horietara bideratu ninduten, eskolan eta etxean. Nik beste gogo batzuk nituen, baina ez kontra egiteko bezain argiak, ala ez nuen orduan adore nahikoa izan, eta markatutako bidea jarraitu nuen.

Ikasketetan plazera eman zidan ekuazio diferentzialak eta mekanika bezelako ikasgai konplikatuak ulertu eta menderatzeak. Gogorrak izan ziren eta gaur egun nire lan egiteko gaitasunean dudan konfiantza hor sendotu nuen, hein batean.

Lan egin nuen injeniari bezala, eta urte batzuk ikerkuntza zientifikoan ere, baina bokaziorik ez nuen. Nire buruarekin borroka bat nuen, artea maite nuelako baina ez nuelako niretzat ogibide zilegitzat jotzen, ‘kapritxo burges’ bat bezela edo ikusten zuten etxean, eta neronek ere. Asko kosta zitzaidan, baina azkenean superbibentzia kontua izan zen, ukazio horretan nire senaren kontra ari nintzelako, min ematen ari niolako nire buruari.

Post- aurrizkiaren garaian gaude, dudarik gabe,baina zer da ‘postfotografia’? Kontzeptu hau garatu zenuen zure Zikinbrillista manifestuan, eta hori irakurtzeko gogoekin geratu gara ere… Zertan datza?

Post-argazkilaritza argazkilaritzak jasan duen bilakaeraren ondorio zuzena da. Gaur egun hainbeste irudi jeneratzen dira ezinezkoa dela jario hori errejistratzea, klasifikatzea edo ulertzea. Horren aurrean ekologia moduko zerbait bezala planteatzen da argazkirik ez egitea eta  berrerabiltzearen praktika: birziklatzea, apropiatzea, dagoenarekin esanahi berriak sortzea. Autoretza indibiduala ere zalantzan jartzen du. Oso interesgarria da. Joan Foncuberta edo Jon Uriarterengana jotzea gomendatzen dut kontu hauetan sakontzeko.

Zikinbrillo Manifestua Nagore Legarretarekin batera egin nuen, geure estetika eta praktikak oso gertu daude eta hor azaldu genituen elkarrizketa batean, modu espontaneoan, eta hala ere, nahiko zehatzean: ‘ZIKINA’ testura, espresibitatea, akatsa, prozesu amaigabeak eta akzidenteak dira; eta ‘BRILLOA’, berriz, horri oreka eta armonia emateko ahalegina. Bien arteko tentsioan bizi gara gu eta bizi da gure lana.



Irundarra zara, Ramon, Mosku plazan hainbat ordu eman dituzula suposatu dezakegu. Zer esango zenioke zure herria eta Euskal hego eta iparraren arteko muga eremu eder hori ezagutzen ez duenari? Ongi etorri! Arte asko?

Irunek oso ospe txarra du euskaldunen artean, oso española delako, eta orokorrean ospe txarra du ere turbioa delako: polizia, puta, etorkin, makarra, droga eta mugaren inguruko nahasmen haundia dago. Baina beharbada bada bizi geran mundu honen ispilu bat benetazkoagoa beste toki idilikoagoak baino. Irun bezelako toki bat gutxiesten denean, uste dut pentsa beharko genukeela ze pisua duten arraza eta klase aurreritziek horretan.

Mosku nire auzoa da, nire sustraiak hor daude. Urte asko eman ditut buru-belarri auzoko jaietako asanbladan. Moskun jaso genuen ondare aberats bat, auzoko punkiena, autojestioarena, Esan Ozenkirena, 90. hamarkadako Underribiko musika talde ‘arraro’ haiena. Horri gehitu behar zaio, herri mugimenduan ibiltzen ginenok, instituzioetan eta kalean jarrera hain arerioa eukitzean, ia hasi aurretik galtzaileak ginela.

Ondare eta ingurune etsai horien nahasketak borrokatzeko modu berezi bat sortzera bultza gintuen, non irudimena, umorea, esperpentoa eta autoparodia ezinbestekoak izan ziren. Modu horrek, emaitza oparoak ekarri ditu 20 urteetan zehar, par mordo bat, eta oraindik bizirik dauden ‘instituzio’ herrikoi kuttun bi: Lakaxita Gaztetxea eta Moskuko jai autojestionatuak.

Borroka espazio horiek, izakera horregatik, esperimentazio eta arte sorkuntzarako bide zabala eman zuten. Nire arte eskola nagusia hori izan zen. Gaztetxeek eta autojestioak herri honetan formakuntzan duten garrantzia oso haundia da.

Kanpotik etortzen diren lagun asko Moskurekin harritu eta maite dutela uste dut. Komunitate sentimendu bat badago, eta auzoa ez dago oraindik gentrifikatuta, ez dago guztiz zibilizatuta kasik. Baina prozesua bidean dago, datorren urtean gure familiaren etxea, birraitonak altxa zuena, botako dute, auzoko beste etxe zahar eta azken baratzekin batera. Beti hor bizitu diren auzokide zahar batzuk, katuak, ijituak eta ni neu beste nonbaitera joan beharko gara, eta auzo aseptiko batek ordezkatuko du oraingoa, gure bizimoduarekin eta gure historiarekin zerikusirik izango ez duena. Udaletxearen fantasia normalizatzailea betetzen denean, zerbait hilko da Moskun. 

Galdera politikoa, bertako egoera kontuan hartuta migranteei begira, zer iritzi dekozu? Agian ez dozu esan nahi, baina bertan bizi bazara zure egunerokotasunaren parte izango da.

Migrante gehienak Frantzia eta Iparraldeko herrialdeetara joan nahi dute, eta asko Irunen muga pasa ezinik geratzen dira, denbora batez, eta bai, gure egunerokotasunaren parte bat dira. Urteetako bidaiak egiten dituzte, berriz ere abiapuntura itzultzeko askotan. Bidean tortura, esklabutza, mafia eta polizien bortxak, jendearen mespretxua, famili ta bidelagunen heriotza, esplotazioa, umiliazioak… denetik jasaten dute. Haietako batzuk indartsu ailatzen dira mugara, halere, beste batzuk deskiziatuta, normala den moduan. Asko ta askoren bidearen amaiera heriotza izango da, Bidasoa ibaian bertan batzuetan.

Nik ez dut hori pairatu Irunen jaioa naizelako, eta ez Mediterraneoaz bestalde. Horrek amorrua sortzen dit, tristura, eta lotsa ere bai. Hain da larria eta hain da gogorra, uste dudala neurri batean nire burua nahitaz itsutzen dudala, bizitzarekin aurrera egin ahal izateko, baina ez da harro egoteko zerbait.

Irunen Harrera Sareak lan izugarria egin du urteetan, egiten du. Orain dela urte batzuk Lakaxita Gaztetxea bera harrera gune bilakatu zen, baina arazoak gainezka egin zuen, egiten du etengabe. Instituzioek ez dute serio hartzen eta herri mugimenduak ezin du bere gain hartu. Nire lagun asko buru-belarri arittu dira harreran, eta ikusi dut egoeraz kontzientzia osoa hartuz gero geure bizimoduak zentzu guztia galtzeraino eraman zaitzakela, hain da gogorra eta urjentea gertatzen dena.

Erroa, noski, estrukturala da. Beraien herrietan, errekurtsoak hustiatu ahal izateko, Europak gerra eta miseria landatu ditu, eta aukerarik gabe utzi ditu pertsona hauek, itxaropen bakarra etxetik ihes egitea bilakatu zaien arte. Europaren jarrera kriminala da. Errotik aldatu beharko litzateke. Gure aldetik, Irun batian gaudenon aldetik, adibidez, lagundu ezean, egin ahal dugun gutxienekoa pertsona hauek errespetuz tratatzea da. Nork daki nolakoa izango nintzateke ni haien tokian? Eta zu?

¿El arte es un arma cargada de futuro?

Sí, lo es.

Eta poesia, mailu bat.

Bukatzeko eta ohituraz: desira bat

Maitasuna eta askatasuna gauza bera direla ikastea.

 

Visitas
1563
DEJA UN COMENTARIO
0 Comentarios