NOTICIAS

GUTUN ZURIA 'Fabula antifabulak' - MIREN AGUR MEABE | "Idaztea, erresistentzia egiteko modu bat ere bada"

·
Aurtengo Bilboko letren jaialdi internazionala bukatu bada ere, bere zurtoinak apirileko NOIZ Agenda-ra luzatu dira, zorionez, eta loratzen hasiak dira! 2024ko Gutun Zurian ‘Berba dariola’ ibili gara noiztarrak, solasaldi batetik bestera, zutabeen artean dantza, baina gure literatura kuttunaren kontrakoa den presarekin.. Horregatik, orain, patxadaz eta letra onez, denbora hartu dugu M. A. Meabe idazle, poeta eta itzultzaile lekittarra elkarrizketatzeko. Gozatu bere berbak!

Aurtengo Bilboko Letren Jaialdi Internazionala bukatu bada ere, bere zurtoinak apirileko NOIZ Agenda-ra zabaldu dira eta loratzen hasiak dira, kolorez gainezka! 2024ko Gutun Zurian Berba dariola ibili gara noiztarrak, solasaldi batetik bestera, AZ-ko zutabeen artean dantza, baina gure literatura kuttunaren kontrakoa den presarekin..

Horregatik, orain, patxadaz eta letra onez, denbora hartu dugu M. A. Meabe idazlea eta Sonia Rueda artista plastikoa elkarrizketatzeko (elkarrizketa esteka honetan), jaialdian aurkeztu duten Fabula Antifabulak ikuskizunaren harira, eta erreportaje txiki bat prestatu dugu ere, Gutun Zuria-n bizitakoa ez ahazteko eta hurrengo urterako gogoak pizteko. Emaiozue maitasuna esteka honetan.

Idazle, poeta eta itzultzailea (besteak beste!), Miren Agur Meabe lekittarrak euskaraz garatu du bere lan gehiena, eta hizkuntza horretan egin diogu elkarrizketa hau. Haur eta gazte literaturari buruzko bere liburuak nabarmentzen dira, baita bere poema-liburuak ere. Horien artean, Nola gorde errautsa kolkoan, Espainiako Poesia Saria jaso zuen euskarazko lehen poema-liburua izan zen. Berarekin berba egin dugu eta plazer haundia izan da, hainbat, non elkarrizketa motz geratu zaigu.. Gozatu bere berbak, NOIZ eta letra lagunok, eta eskerrik asko Miren!


Zelan doa aurtengo Gutun Zuriko esperientzia? Zure lehenengo aldia da hemen?

Gutun Zuria-ko esperientzia beti da aberasgarria, ez da parte hartzen dudan lehenengo aldia. Izan ere, behin parte hartu nuen, poesiari buruzko solasaldi batean, Olga Novo poeta galiziarrarekin. Eta geroago, Eduardo Muga idazle katalanarekin, itzulpengintzaren toles eta zirrikituez.. Bai batean zein bestean emaitza guztiz betegarria jaso nuen.

Eta publiko gisa egonda zara aurretik? Gogoratzen duzu solasaldi edo bestelako ekitaldiaren bat?

Bai, egonda nago publiko gisa, beste batzuetan, baina aurten bereziki nabarmenduko nuke Mariasun Landa eta Patxi Zubizarreta-ren artean izandako elkarrizketa. Guztiz atsegina eta esanguratsua iruditu zitzaidan.

 

Nolakoa izan da Fabula Antifabulak esperientzia? Talde ederra osatu duzue Sonia Rueda eta biak, Inun musikariarekin batera.

Fabula Antifabulak ikuskizun multidisziplinarra da eta ia ia jolas baten moduan ulertu dugu taldekideok. Fabula batzuk sortu nituen espresuki MusEkintza-ren eskariz eta beste fabula batzuk, aurretik argitaratutako neure liburu batzuetatik hartu nituen.

Hori izan zen lehen urratsa, ondoren, Sonia Rueda artista plastikoarekin bildu nintzen, bion artean pentsatzeko nola hornitu material idatzia irudiekin, baina beti ere errepikakorra izan gabe baizik eta irakurketa edo interpretazio paralelo bat eskaintzeko moduan.

Eta azkenik, Inun ekarri genuen taldera, hirugarren zutabe gisa. Bere konposizioekin eta beste poeta batzuen testuen inguruan egindako konposizioekin, ikuskizuna osatzeko; osatzeko zentzurik beteenean: osatu, girotu, blaitu eta hornitu egiten gaitu.

Irakaspenik gabeko fabula batek ohiko fabula batek baino irakaspen gehiago izan ditzake? Gizakiari zer pentsatu behar duen baino, pentsatzen erakustea baliotsuagoa dirudi..

Fabula hauek antifabulak dira, hain zuzen ere hala izendatu nahi izan ditugu, gure asmoa ez delako  pedagogikoa. Fabula hitza beti lotzen dugu asmo didaktikoarekin eta oso ohikoa izan da hori, literatura unibertsalean, garai guztietan, eta baita herri literaturan ere.

Ikasbide edo moraleja deitu ala ez, nire ustez, irakurtzen ditugun, ez guk, edozein idazlek sortzen dituen testuetan, dago beti zer ikasi. Baina zer ikasia eta ikasbidea eta moraleja klasikoa ez dira gauza bera.

Zentzu horretan, gure ikuskizunean proposatzen duguna da gure bizitzaren talaiatik ikasi duguna entzuleekin partekatzea. Beraiengandik ere jasoko genuke guk zer ikasia. Ez gara inoren maisu-maistra, parekideak baino. Entzuleak, alde batean, eta gu, bestean.

Ez ahal da denbora bera irakasle jatorrena?

Denbora irakasle handia da. Denborak egiten du bere lana, gu gara haren ikasle, beti ere begiak, eta ez bakarrik  begiak; zentzumen guztiak, kontzientzia eta bihotza, zabalik izanez gero. Batzuetan nahi gabe ere ikasi behar izaten dugu, denborak, bizitzak.. ematen dizkigu bere lesioak eta trebatzen gaitu, egoera berrietan erantzuten jakiteko, beti ez dugu lortuko, ala ere.



Zertarako balio dute GZ bezalako letren jaialdiak? Irudien gizartean letra bigarren edo hirugarren postuan geratu dela dirudi, baina zorionez ertzetan honelako lubakiak geratzen dira..

Gutun Zuria eta antzeko jaialdiak guztiz garrantzitsuak dira gure gizartean, hizkuntza idatziaren, literaturaren, filosofiaren eta artearen oihartzuna egiteko. Gaur eguneko gizartea eta gaur eguneko mundua, azalkerian murgilduta daude, azalkerian eta prisan, korrikan ibiltzean, eta ez da patxadarik jartzen sakonera jotzeko. Beraz, inportantea da honelako topaldiak antolatzea, gauza jakin batzuen balioa aldarrikatzeko.

Zergatik idatzi?

Niretzat idaztea izatea da. Idaztea bizitzeko modu bat da, ez dinot lanbide hutsa, baizik eta munduan egoteko modu bat. Idaztea, erresistentzia egiteko modu bat ere bada. Idaztea eraldatzea da, beti dago itxaropen bat hobekuntzarako, bai maila pertsonalean eta bai kolektiboan, eta esango nuke idaztea berritzea ere badela.

Zeintzuk izan dira zuen erreferenteak, markatu zaituzten irakurketak, gaiak, estiloak eta abar?

Sarritan esaten dut, nire bizitzan, hitz jolasa eginez, noski, nire bizitzan bi margarita daudela, bi bitxilore. Bata da gaztetako aurkikuntza bat, Marguerite Yourcenar idazle belgiarra, frantsesez idatzi zuena. Eta aldiz, beste margarita, mundu anglosaxoikoa, Margaret Atwood. Horrela laburtuko nituzke nik bata eta bestearen artean egin ditudan irakurketa guztiak. Asko miresten ditut, bai bata bai bestea; nahiko nuke (barre egiten du) haien antza izatea zerbaitetan, distantziak distantzia.

Margarita bi horiek kenduta, asko miresten dut ere Annie Ernaux frantziarra, autofikzioan eredua iruditzen zaidalako. Euskarazkoetara etorrita, uste dut hasiera bateko Joseba Sarrionandia jarri beharko nukeela markatu nindutenen artean, bere Narrazioak ipuin bilduma izan zen, nire ustez, euskal literaturan impasse bat edo inflexio bat markatu zuen liburu garrantzitsuenetako bat. Asko aipatuko nituzke, baina, Sarri, eta beste alde batetik, emakume mundua eraman zuelako nobelagintzara, neurri batean ere, Arantxa Urretabizkaia.

Artea eta politika: zer iritzi dekozu G. Celayaren esaldi honen inguruan: “el arte es un arma cargada de futuro”?

Gabriel Celayaren esaldia alde batera utzita, esango nuke, nahiz eta kontziente izan poesiak ezin duela ezer aldatu, poetok badugula utopiaren partidan jokatzen egotearen kontzientzia. Eta utopiaren partida da gizarte hukmanizatuaren aldeko partida. Ez dut uste mundu osoari egiteko gaitasuna dugunik, baina bai kontzientzian, bananakakoen kontzientzian, eragitekoa.


Visitas
578
DEJA UN COMENTARIO
0 Comentarios