NOTICIAS

Xiruliruli euskarazko kultur podcastak 8 elkarrizketa berri burutu ditu, leku ezberdinetan txori nomadekin kantari

·
Denboraldi berrian Euskal Herriko hainbat lekuetan egon gara, txori koloredun eta ederrekin kantak sortzen: Laura Penagos antzezlea ; Iban Urizar aka Amorante musikaria; Beñat Sarasola idazle eta intelektuala; Aitane Landa Goñi argazkilari analogikoa; Hannot Mintegia aka Moxal; Ruben Garatea; eta Leire Palacios komunikatzailea eta Amaia Miranda musikaria. Orain, habia egin eta elkarrizketa guztiak batu ditugu hemen, nola ez, zure NOIZ laguntxu agendan! Eman maitasuna!

Hegazti migratzaileak bihurtu gara, nomada hegodunak! Xiruliruli euskarazko kultur podkasteko denboraldi berrian Euskal Herriko hainbat lekuetan egon gara, txori koloredun eta ederrekin kantak sortzen. Orain, guztiak batu ditugu artikulu honetan, hemen azpian, nola ez, zure laguntxu agendan! (Lehenengo denboraldia hemen)

Laura Penagos antzezlea ezagutu dugu, Azpeitiako Dinamo Sormen Gunean; Iban Urizar aka Amorante musikaria bere herriko Dorretxeko sotoan, Elgoibarren; Beñat Sarasola idazle eta intelektuala, Hontza Liburudenda donostiarrean; Aitane Landa Goñi argazkilari analogikoa, Gernikeko Kult Parnason; Hannot Mintegia aka Moxal, Bilboko Forbidden Colours diskoetxean; Ruben Garatea gure Hopper Ink estudio zoragarrian; eta Leire Palacios komunikatzailea eta Amaia Miranda musikaria Groseko AZPI Kultur Elkartean.

Elkarrizketa guztiak hemen azpian!

 

Denboraldi berria estreinatzen hurbildu gara Azpeitira, Laura Penagos (@laurapenagos_actriz) antzezle-sortzaile eta hezitzaile kolonbiar euskaldunarekin berba egiteko asmoz. @dinamoaaa Sormen Gunea-n elkartu gara, Laurak Putaren bakarrizketa eroetxean antzezlanarekin egonaldia egin duelako bertan. Besteak beste, faxismoaren aurrean beldurrik ez izatearen inguruan mintzatu gara, bizitzaren eta sorkuntzaren jolasaren inguruan, erotasunaren inguruan, sustraitzearen eta deserrotzearen inguruan, emakume kolonbiar-euskalduna izatearen inguruan edota gure euskara hizkuntza ederra erabiltzearen inguruan. Eskerrik asko!

 

Beñat Sarasola (@bsarasola) idazle, literaturako kritikaria eta irakaslearekin solasean ibili gara, Donostiako Hontza Liburu-denda ederrean (@hontzaliburudenda), literaturaz berba egiteko txoko xamur eta aproposa. Idazle bat lagun duzunean, saihesteko zaila dirudi, bere liburuak irakurtzean, orrialdeetan zehar zure eta bere burua ez bilatzea (eta aurkitzea ere).. Ispiluen eta narratibaren jokoaz mintzatu ginen B. Sarasolarekin, bere Deklaratzekorik ez eleberri guztiz gomendagarriaren harira. Eskerrik asko bihotzez, Beñat eta Hontzari!

 

Udazkeneko goiz euritsu baten elkartu ginen Amorante-rekin (@amorantenaiz) bere herri kuttuneko dorretxeko soto epelean.. Leku benetan aproposa Iban Urizar artistarekin solasean ibiltzeko; sormenari buruz, musikari buruz, bizitzari buruz.. Forbidden Coulours diskoetxearekin (@forbiddencolours_diskoetxea) argitaratu berri du bere diskabitxi berria Harri herri har eta oholtza ezberdinetan dabil bere kontzertu liturgiko zoragarriak hedatzen..

Gizakiak inteligenteak ez gara oso, baina naturalak bai, nahiz eta, akaso, gero eta gutxiago.. Iban jakintsuak hainbat gauza interesgarri dauzka esateko IA-ren inguruan.. Besteak beste, gure txunditzeko kapazitate hori zaindu beharko genukeela..

 

Urtea amaitu baino lehen, 2023ko azkenengo #Xiruliruli kantan, Trinkete antitxokoaren ordezkoa hartu duen Kult Parnaso (@kultparnasoa) aretoan egin genuen habia, Gernikan, Arriguriko (@arriguri) kidea eta beste hainbat gauza den Aitane Goñi Landa (@landa__a) ederrarekin solasean ibiltzeko. Irakaslea egunez, Aitanek argazkilaritza analogikoari eskaintzen dio bere denbora librea, esperimentazioaren bidez eta ortodoxiaren gainetik behin eta berriz txunditzen gaituzten emaitzak lortzeko. Milesker Aitane, benetan plazera izan zen zurekin berba egiteko aukera izatea!

 

Hannot Mintegia aka Moxal (@hannot.moxal) musikari eta ikus entzuneko jornalariarekin izandako solasaldian, Dogma mugimenduaren eta bere aita den Lars von Trier haundiaren inguruan ibili ginen, xarma haundia daukan @forbiddencolours_diskoetxea -ren Bilboko txoko epelean. Zer da astunagoa: askatasun gosea edo askatasun betekada? (Betikolez, erdiko puntuak zailenak..) Eskerrik asko Hannot soinu eta berbengatik, eskerrik asko Aitor & Irene habiagatik, eta eskerrik asko podcast honi zuen belarria eta zentzua ematen diozuen xirulari guztiei!

 

Hemen Ruben Garatea Apoita musikari eta gaztetxoen irakasle musikalarekin izandako eztabaida. Feline (@feline.band) eta Audiente (@audience_gara) taldeen parte den musikariarekin sektorearen inguruan haritu ginen, @amorantenaiz kuttuna gogora ekarriz. Oligopolio eta makro-jaialdien ekosistema orokor honetan, babestu dezagun gure klase ertain eta underground bikainak diren kultur oasiak! Hainbat gauza interesgarriren inguruan mintzatu gara Ruben jatorrarekin, Hopper Ink @hopperink estudioak Bilbon daukan txoko ezin ederragoan (eskerrak @noizagenda, @smokesignalsstudio, @mihestudio eta bestelako familia ederrari!).

 

Txoriak hegaz lez komunikatzen da Leire Palacios Egiguren edozein formatutan, bai kulturaren ertzak lubakietatik defendatzen dituenean, zein telebistan elegante, goxo eta very profesional lanean ikusten dugunean (besteak beste).. Domeka goiz euritsu baten elkartu ginen Leirerekin @azpi_atea kultur elkartean eta Xirulirulia motz geratu zitzaigun..

Hainbat gai interesgarri jorratu genituen Leirerekin, ala nola, emakumeen gorputzak daukan presioa, gaztetxeen bilakaera, alokairuak eta etxebizitza propioak eskuratzeko zailtasunak, algoritmoaren gorabeherak, ibilbide profesional eta pertsonaletan agertzen zaizkigun aukerak, gaztetan bizitako zauriak; Basauri, Bilbo, Donosti eta beste toponimia batzuk.. Eta assssskoz gehiago, danak zintzo eta interesgarri! Eskerrik asko bihotzez, Leire, AZPI eta podcast txikitxu honi zentzua ematen diozuen guztioi!

 

Amaia Miranda musikari leioaztarrak txikitatik izan du gitarra bat zintzilik eta musikaz, argazkilaritzaz eta bestelako arteez inguratuta hazi da. Bartzelonara joan zen duela hamarkada bat baino gehiago, musika eta gitarra ikasketak burutzera L'ESMUC musika eskolan, eta bertan geratu da bizitzen, nahiz eta bere lanak leku batetik bestera eramaten duen, oholtza ezberdinen gainean jo eta kantatzen.

Hainbat artista ezagunen gitarrak egiten ditu (ala nola @gorkaurbizu, Christina Rosenvinge edo Amaia Romero) baina beti ere bere proiektu pertsonal amultsuari leku berezia eginez. Orain, bere bigarren lan luzea argitaratu berri du, Mientras dures, brilla eta Euskal Herriko oholtzetara hurbildu dela aprobetxatuz, berarekin elkartu gara berba egiteko, Donostiako AZPI Kultur Elkartean.

Laster arte txoriak!

Apurketa sinbolikoaren eragin sendagarrian sinesten duen euskarazko podcast honek Bideografik Ekoizpenak ekoiztetxe durangarraren sinadura dauka eta euskara sustatzea eta eztabaida lasaiak bermatzea du helburu. Bilatu sare sozialetan (@_xiruliruli_) eta zatoz sagarraren adarraren puntan dantza egitera! Gora Xiruliruli txorien kantua!

Oteizak hausnartu zuen bezala, sorkuntza prozesuak aldaketa bat darama eta aldaketa hori emateko ezinbestekoa da aurretik dagoena apurtzea, hutsa bera bada ere.

Visitas
676
DEJA UN COMENTARIO
0 Comentarios